Edukira joan

Lankide:Jalkorta/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Abeltzainek diote saiek abere biziei eraso egiten dietela; biologoek, ez dela posible

Erasoak eta salaketak

Natura edo erasoak? Horixe galdera, gakoa. Erantzun, argudio zerrenda, jarraian: «Ez dago abere bizidunei egindako erasoen ebidentziarik», dio Lekuonak. 1998az geroztik ez omen da halakorik frogatu ahal izan. Abeltzainek, noski, kontrako iritzia dute. Gonzalo Palacios putreen eraso bat ikusitakoa da Itzalleko mendietan. Honatx kontaketa: «Aita mendian zegoen azienda zaintzen. Zaldiak eta moxalak genituen, eta behiak. Zaldiak ikusi ostean behiengana joan zen, eta sumatu zuen putreak zeruan bueltaka zebiltzala. Berehala bueltatu zen zaldiengana, bazekielako putreek moxalaren aurka egingo zutela. Iritsi zenerako zaldiak moxala babesten ikusi zituen, baina putreek moxala ziztatua zuten ordurako. Aitak moxala ukuilura jaitsi zuen, baina hil egin zen, ziztaden ondorioz».

Hildako abereari edo kumeari post mortem edo ante mortem eraso dioten aztertzen dute albaitariek, kalte ordaina eman edo ez erabakitzeko. Alegia, putreen ustezko erasoa aberea hil ostean edo aurretik gertatu den. Biologoaren ahotan, eta datu ofizialen arabera, aurkezten diren salaketen %90 baztertzen dira, «putreen eraso horiek post mortem edo abereak hil ondoren egindakoak izan direlako. Nik albaitariek diotenari ematen diot balioa, noski». Zalantza salaketen %10era mugatzen omen da. Abeltzaina balitz ebidentziak edo frogak lortzen saiatuko litzatekeela dio Lekuonak, eta bi abeltzainei luzatu diegu biologoaren proposamena.

Erakundeen joera abeltzainak gezurretan ari direla pentsatzea dela dio Palaciosek: «Engainatu egin nahi ditugula uste dute. Ingurumen Sailekoekin batzartu nintzen egun batean esan nien, udaberrian, erditze garaian hurbildu zitezela aziendetara, zer gertatzen zen ikustera. Ez ziren hurbildu. Zergatia galdetu nien, eta datu ofizialetan babestu ziren».

Erasoaren truke kalte ordaina lortzeko prozesuan salaketa jartzea da lehen pausoa, baina abeltzainarentzat ez omen da erraza lan horri ekitea: «Paperak bete behar dira, albaitariak edo basozainak etortzen direnean haiekin egon behar duzu, eta azienda beste norbaiten kargu utzi». Gonzalo Palaciosenak dira azalpenak.

Azcoitik xehetasun gehiago eman du, salaketen inguruan: «Erasoren bat gertatzen denean 112 zenbakira deitu eta abisua ematen dut. Dagokion Ingurumen Saileko ordezkaria etortzen da, eta gertatutakoa azaltzen diot: ardi edo arkumeren bat jan didatela. Haiek argiketa bat egiten dute, arrastoak bildu, baina errairik ez badago, putreak aberea hil aurretik jan ote duen ezin dela jakin diote. Putreek, noski, ez dute ezer uzten, hezurrak eta larrua baino ez. Errairik gabe salaketa ontzat ematea ezinezkoa da; galduta sentitzen gara».

Biologoak aipatutako ebidentzia edo frogak biltzeko aukeraz galdetuta, eraso bat grabatzea posible ote den galdetu diegu bi abeltzainei. Azcoiti: «Nola, bada? Non jarriko ditugu kamerak? Gonzalok baditu, ukuilu barruan baina putreak, noski, ez dira ukuilu barrura sartzen. Mendian? Non? Lur sailak oso handiak dira, eta aziendak edozein lekutan erditu daitezke. Putreak ez dira tontoak, eta ez dira jaisten bazka bila gizakiok artaldea zaintzen bagaude. Zer egin, beraz?».

Palaciosek kontatu du ikusi zuela nola putreek moxal bati eraso zioten, urte batzuk atzera. Salaketa jarri zuten orduan, eta prozesua gogorarazi du, kalte ordaina jasotzeko zailtasunaz jabetzeko: «Etorri zen albaitaria, Zaragozakoa, eta nekrosia egin zion. Birika bat ur balde batean sartu zuen, putreen erasoa gertatu zenean moxala bizirik ote zegoen jakiteko. Azterketaren emaitza jaso genuen, denbora pasatuta, eta moxalak birus bat zuela esan ziguten. Putreek erasoa egin edo ez berdin-berdin hilko zela, birus horren ondorioz. Moxala erasoa egin ziotenean bizirik zegoela baieztatu zuten, dena den, eta horregatik albaitariaren gastuak, nekrosia eta beste ez zigutela kobratuko esan ziguten, Kalte ordainaren arrastorik ez, ordea, birus horregatik. Zer egin, tamainako aitzakien aurrean? Etsi egiten duzu azkenerako, salaketei uko egin». Palaciosek ez du federik estatistika ofizialetan; ez du sinesten putreen erasoen %90 post mortem gertatu direla.

Azcoitik 25-30 bat salaketa jarri ditu azken 10 urteetan: «Erdietan edo emango zidaten arrazoia». Arrazoia eman bai, baina kalte ordainik jaso gabe geratu zen kasua ere azaltzen du: «Lau ardi akabatu zizkidatela esan dut. Onartu zidaten, ante mortem izan zirela erasoak, baina kalte ordainak ordaintzeko dirurik ez zegoela argudiatu, eta sosik ez nuen jaso. Tonto aurpegia geratzen zaizu». 60 bat euro jasotzen ditu arkumeko, salaketa onartzen bada: «Huskeria da, trukean bizpahiru lan egun galdu behar badira. Arkume horrek askoz gehiago balio du. Gero egunkaria erosi eta putreen erasoak murriztu egin direla irakurtzen dugu. Ez dira erasoak murriztu, salaketak baizik, abeltzainentzat buruko min handia bilakatu direlako».

Eta posible al litzateke Nafarroako Gobernuak salaketa gehienak ordaintzeko erabakia hartzea? Zer dirutza izango litzateke, gutxi-asko? Palacios: «Kopuru zehatza ez dakit, baina 50.000 euro baino gutxiago urteko. Zergatik ez, hori onartu, eta abeltzaintza estentsiboaren iraupena bermatu? Egoera berean jarraitzen badugu 30-40 urteetan abeltzaintza estentsiboa bukatu egingo da gure eskualdean, eta orduan arazoak biderkatu eginen dira. Abeltzaintzak iraungo du, baina abeltzainek ez. Azienda mendian utzi eta herrira edo hirira martxa egiten duten pertsonak izanen dira, ez abeltzainak. Egun ematen dituzten dirulaguntzak garbitzen dituzun hektarea kopuruaren baitan ematen dituzte, ez jaiotzen den arkume kopuruaren arabera». David Azcoitik datu kezkagarria eman du: «Otsagabian esnetarako bi ardi azienda berri hasi dira lanean 20 urtean, eta biak iaz. Pentsa!».

Putre populazioa, hazten

Hamarkada bi dira putreentzako jantoki egokituak kendu zirela, behi eroen gaitzaren ondorioz, baina Nafarroako Pirinioetako abeltzainek bertan hildako animaliak mendian uzteko baimena dute egun, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailari koordenatu zehatzak jakinaraziz gero. Putreek bazka lortzen dute, nolabait, toki batean edo bestean izan, populazioa gorantz baitoa etengabe. Ingurumen Sailak putreen jarraipena egiten du, eta Lekuona biologoak dioenez, «datuek erakusten digute kilometro asko mugitzeko gaitasuna dutela bazka bilatzeko. Extremadurako bazkalekuetara mugitzen direla badakigu, gero Nafarroara itzultzeko. Eta Extremadurara bezala beste eremu urrunetara ere joaten dira, baita Frantziako Pirinioetara ere».